Datu pertsonalak

domingo, 18 de enero de 2009

Hezkuntza liburuen aukeraketa

.
Lehenik eta behin esan beharra daukat, ez dudala ezer argitaletxe ezberdinen aurka. Nik, hurrengo lerroetan, nire iritzi propioa azalduko dut , eta horretarako ez naiz nire ikasle esperientziaz eta lan munduko esperientziaz baino hornituko. Hori dela eta, ez nuke nahi pentsatzea, azalduko dudana, edo azalduko diren adibideak gertaera orokorrak direnik, bai ordea adierazgarriak eta kontuan hartzeko modukoak.
Alde batetik zehaztu beharko genuke zer liburu motaz ari garen. Hezkuntza liburuez ari gara, beraz, bi kategoriakoak aurkituko ditugu: ikasmateriala eta testu liburuak. Lehenengoa klasean erabiltzen den testu liburua izango da, edukiak bertan azaltzen dira eta jarduerak ere bertan egin daitezke, akaso koaderno liburu bat ere izan dezakete osagarri gisa. Bigarrena aldiz, argitaletxeek ateratako irakurtzeko liburuak dira; nobelak, komikiak, aldizkariak...
  • Ikasmateriala.
Hezkuntza ereduaren araberako hizkuntza izango du liburuak: ingelesa, gaztelania edo euskara. Guk D ereduko ikasleez arituko gara, beraz, euskarazko liburuez hitz egingo dugu hemendik aurrera.
Edozein ikasgaiko liburuek era egoki batean idatzita egon beharko lukete, eta are gehiago Euskara eta Literatura ikasgaiko liburuak, beraz, hori da irakaslearen lehenengo lana, hizkuntzaren egokitasunaz jabetzea. Honek esan nahi du hizkuntza zuzena, egokia eta maila aldetik ere dagokion hezkuntza mailara egokitzea.
Ondoren etorriko da liburuaren edukien egokitasuna aztertzea, jardueren zailtasuna, kontzeptu errazegiak edo zailegiak diren... azken finean, guk nahi dugun kurtsorako egokiak diren ziurtatzea.
Honez gain, liburuaren (eta lan koadernoaren, egongo balitz) erabilgarritasuna aztertu beharko litzateke. Irakasle batzuek egiten dute liburu bat jarraitu eta atal batzuetan euren material osagarria eman: eskemak, ariketa gehigarriak, informazio gehiago... Baina hori hein txiki batean egin beharreko lana litzateke, ez liburua ordezkatzen duen lana egin behar izatea.
Liburua dinamikoa izan behar du, jarrera parte hartzailea sustatzen duena, talde-lana bultzatzen duena, jarduera praktikoak ere eskatzen dituena... eta are garrantzitsuagoa, guk nahi dugun hezkuntza sistema jarraitzen duen egiaztatu behar dugu. hau da, proiektu bidezko hezkuntza nahi badugu gure ikasleentzat, horrelako liburua beharko dugu, eta nik dakidala Txanela eta Ostadar dira hezkuntza mota hori sustatzen duten argitaletxe bakarrak.
Hau guzti honetaz gain, ikaslearen ikuspuntutik begiratu behar dugu ere. Honen arabera, liburuak izan behar du motibagarria, era argi batean azalduta, irudiekin lagunduta, formato itxuroso batean, ondo ordenatuta, motroilo batean ezin du azalduta egon... azken finean, ikasteko grina pizten duena.
  • Irakurketarako liburuak.

Irakurtzeko liburuak gomendatzeko lehenengo pausua irakurtzeko bidali behar den liburua irakasleak aurretik irakurrita izan behar du. Eta honen ondoren, irakaslearen gustukoa baldin bada, orduan, eta bakarrik orduan ikasleei esango zaie liburu hori irakurtzeko.
1980. urtean Erein argitaletxeak Zer irakurri? liburua argitaratu zuenean, ez zuen liburu fitxa batzuen bilduma baino ez zen, gehi irakurzaletasunari buruz egiten zuen hausnarketa. Zer irakurri: hura ikasi liburuetan aldiz, bai azaltzen da liburuen garrantzia eta egokitasunaren beharra.
Are hobeto dago azalduta Mari Jose Olaziregik, Juan Kruz Igerabidek eta Antton Irusta Zamalloak egindako Zer egin dezake nire ikasle batek liburu batekin? liburuan. Liburu honetan bertan azaltzen dira irakurri den liburu horrekin egin daitezken jarduera mota ezberdinak.
Hauen arabera, liburua ikaslearen adinerako egokia izan behar du, eta guztia ez bada ere, liburuaren muina ulertzeko modukoa, hau da, irakurterraza. Honetaz gain, erakargarria izan behar du irakurzaletasuna bultzatzeko eta adin jakin batzuetan irudiz hornituta egotea ere behar-beharrezkoa dela diote.
Ikasmaterial izan, edo irakurtzeko liburua izan, argi dagoena da irakaslearen gustukoa izan behar duela, honela, irakaslearen motibazioak ikasleena bultzatuko du, ikasi eta irakurtzeko garaian, bederen.

Hizkuntza garatzeko bideak



Sarrera honetan Mondragon Unibertsitatean (MU), Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean (HUHEZI) nire lankide izan zen Eneritz Garroren tesia hartuko dut oinarri: Jendaurreko debateak euskaraz : diskurtso erreferituaren azterketa : doktorego tesia, 2007, EHU-UPV. Tesi hau egiteko nire irakasle ere izan diren Itziar Idiazabal eta Luis Mari Larringan izan ditu zuzendari gisa.



Tesia argitaratu gabe dago, baina EHU-UPVko gordailuan aurki daiteke, eta Eneritzekin harremanetan jarriz gero, berak gustu handiz utziko dizue. Bere tesia debateen inguruko tesia da, izan ere, berak oso baliagarri ikusten ditu hezkuntza mundurako.



Debateak funtzio asko dituzte, horien arteko garrantzitsuenetarikoa den bat gizarteratze edo sozializazio prozesuan laguntzea da. Klaseko partaide sentitzen du ikasleak bere txanda heldu eta berak uste duena pentsatzen duenean. Irakasleak jakin behar du ikasle bakoitzaren iritzia errespetarazten, iritzi guztiak baitira zilegi, edo behintzat, kontuan hartzeko modukoak.



Errespetu kontuak aipatuta, oso garrantzitsua da debatearen funtzionamendua ulertzea. Alde batetik, ikasleen posizionamendua, gustuen, iritzien arabera edota gai argia balitz, hau da, guztien posizionamendua parekoa balitz, talde ezberdinak egingo lirateke haien berezko iritzia ez dena defendatzen.



Beste alde batetik, behin iritzia zein den erabaki ondoren, iritzi horren argudiaketa prestatu beharra dago, ezin dugu burutik pasatzen zaigun lehenengo gauza bota. Argi izan behar dugu debatearen helburua zein den: beste irittzi bat dutenak konbentzitu, edota zure iritzia arrazoitutako iritzia dela frogatu. Helburu hau ikasleek oso ondo barneratu beharreko kontua da, hau baita debatearen funtsa.



Eta ondoren, egindako ikerketa lanaren ondoren actioa etorriko litzateke, ikasleek erabiliko dituzten nahi haina baliabide erabilita: txartelak, power pointak... Eneritzek, eta beste hainbatek, neu barne, Aristotelesen oratoriaren bost faseak mantendu beharreko metodologia dela pentsatzen dugu:


  • Inventio: Ideiak bildu, sortu...

  • Dispositio: Lortutako ideiak ordenatu, egituratu, logika erabili erarik egokienean aurkezteko.

  • Elocutio: Ideiak ongi irudikatu, hitz egokiak aukeratu, hizkuntzarekin jolas egin eta baliabiderik egokienak erabili (poetika sartuko litzateke Aristotelesen arabera bere baitan dauden tropoak, metaforak, konparazioak... erabilita).

  • Memoria: Egindako guztia buruan gordetzeko garaia, norberak egin badu errazagoa izango dena, eta beste batek egindako lana balitz, askoz gehiago kostatuko litzaigukeen fasea litzateke.

  • Actio: Klasearen aurrean esateko aldia, ongi esateko aldia, honetan prosodia erabiliko dugu, hau da, gauzak nola esateko artea eta honekin batera lehenago aipatutako hainbat baliabide.


Aristoteles arte balitz moduan ikusten zuen oratoria, eta arte horrek bi bide zeuzkan, berezkoa edo naturala, eta landua edo arautua zena. Ikasleek berezko oratoria izatea oso zaila da, oradore onak bizitzaren eskarmentuarekin batera izaten direlako. Araututako oratoria dute ikasleek beraz. Eta araututakoa den heinean, ikasi beharreko bilakatzen da, eta non hobeto eskolan ez bada.



Debateak beraz, gauza askotarako balio du, eta horietan garrantzitsuena, nire uste apalean, hizkuntzarekin jolasteko da. Hizkuntza gaitasun guztiak (ulermena [entzutezkoa eta idatzizkoa], adierazpena [ahozkoa eta idatzia], hizkuntzari buruzko hausnarketa eta konpetentzia literarioa) garatzeko ekintza oso baliagarria da.
Eta ez hori bakarrik, bere osotasunean, laburbiltzeko, esan daiteke oso jarduera konpletoa dela: errespetuzko baloreak sustatzen ditu (txandak, iritzi guztien barneratzea...), sozializazio prozesuan lagungarria da, hizkuntza gaitasunak lantzen dira...
Hau guzti hau kontuan izanda, debatitu dezagun, egin dezagun eztabaida garbia, azal ditzagun gure ideiak eta elkar konbentzitu dezagun bakoitzaren arrazoiak onak direla. Azken finean, hezkuntzan hizkuntza erabil dezagun!