Datu pertsonalak

domingo, 18 de enero de 2009

Euskal curriculuma

.
Atzera begiratzen badugu, asko dira euskararen alorrean eman diren aurrera pausoak. Euskal Herriko leku gehienetan dago euskaraz ikasteko aukera eta asko dira euskaraz soilik funtzionatzen duten ikastetxeak. Baina klaseak euskaraz ematea eta hezkuntza euskalduna jasotzea ez da gauza bera. Ez da nahikoa euskaraz ikastearekin; euskaldun bezala hezi behar dira gaur egungo ume eta gaztetxoak. Beraz, pausuak ematen jarraitu nahi bada, Euskal Curriculumaren bidetik jarraitu beharra dago. Azken finean, hezkuntza kultur transmisiorako tresna da, herri baten ondare kulturala belaunaldi batetik bestera transmititzeko tresna.
.
Nire esperientziaren arabera, Donostiako IRALEn egon nintzen lanean, orain duela hilabete gutxi batzuk bertan ematen nituen R600 ikastaroko klaseak, euskal curriculumaren inguruan, hain zuzen ere. Nire ikasgaia Euskararen Historia Soziala zuen izena, eta honetaz gain, Historia, Literatura, Artea... ziren. IRALEko ikastaro hauetan euskal curriculuma sustatu beharra ere ikusten da, are gehiago ikasleentzako hezkuntzan.

Izan ere, euskaldunok beti maitatu dugu gure kultura eta hori erakusten du Europako herri zaharrenetarikoa izanik XXI. menderaino oztopo eta erasoak saihestuz herri bat osatuz iristeak. Beraz, kultura eta ondare hori mantentzen eta transmititzen jarraitu nahi badugu, Euskal Herriko Curriculuma ikastetxeetan aplikatzea ezinbestekoa da, Euskal Herri osoko ikastetxeentzat baliagarria izango den oinarrizko erreferentzia pedagogikoa, hain zuzen ere.

Baina horretarako Euskal Curriculuma osatu eta diseinatu beharra dago, euskaldunek euskaldunentzat egindako curriculuma.
Informazio gehiago hemen.

Irakasleen eta ikasleen arteko hizkuntza harremana


Euskal Herriko ume eta gazte askorentzat eskola da euskarara iristeko bide natural bakarra, agian ez direlako giro euskaldun batean bizi edo gurasoek euskaraz ez dakitelako. Horregatik, ikastetxeetan euskarari ematen zaion trataera oso garrantzitsua da ume horrek euskararekiko izango duen jarrera baldintzatzeko garaian. Hala ere, lortu beharrekoa ez da ikasleari ikastetxean euskara inposatzea, euskara barneratzea baizik. Horretan, irakasleek paper berezia jokatzen dute.


Baina ikasgai guztietan bezala, irakaslearen jarreraren arabera ikasgaiak eta ikasgelako giroa ezberdina izango da. Nolakoa izan behar du ba irakasle batek? Alde batetik autoritarioa baino, kooperatiboa izan behar du, gelako parte hartzea bultzatuz. Hala ere, argi eduki behar da ezin duela irakasleak ikaslearen maila berean egon, irakaslea ez da ikasleen “laguna”. Tarteko zerbait lortu behar da, “kolegeoan” erori gabe, baina autoritarioegia izan gabe. Beraz, nola sustatu eta erakutsi euskara ikasleen artean, inposatu gabe?


Era naturalean hitz eginarazi behar zaie ikasleei, baina hizketaldia amaitzerakoan egindako akatsak zuzenduz (hizketaldia gertatzen ari den bitartean ere egin daitezke zuzenketak, baina era honetan ikaslea lotsatu dezakegu eta hemendik aurrerako hizketaldia motelagoa izan). Zuzenketa hauek beti modu positiboan egin behar dira, ikaslearen autoestimari kalterik egin gabe. Irakasteko modu on bat akatsak antzemanarazi eta ikasleak berak gaizki egindakoa zuzen dezan lortzea izango litzateke eta aldi berean beste ikasleentzat ere baliagarriak diren kontzeptuak azaltzeko aprobetxatu daitezke egindako akatsak. Arbelean akats horri buruzko arau garrantzitsuenak idatziz eta beharrezkoa den kasuetan, sistematikoegiak badira ere, gramatika fitxak eginez, eta azkeneko errekurtso moduan gramatiketara joaz.




Ikasleak hizkuntza barneratu behar du bai, baina horretarako oso garrantzitsua da hizkuntza hori erabilgarria dela somatzea, nabaritzea. Agian eremu euskaldun batean erraza izan daiteke hori lortzea, baina eremu erdaldun batean zailagoa izango da. Horretarako, munduan dauden hizkuntza baliabideak erabiliko ditugu, hizkuntzaren erabilgarritasunaz ohartzeko: telebista, internet, irratia, aldizkariak...


Gure hizkuntzaren egoeraz kontzientzia hartzeko edozer baliabide da beharrezkoa, eta helburua (euskara sustatzea) lortzeko ahalik eta esfortx¡zurik handiena egin beharrean dago irakaslea. Hezkuntzan dago eta euskararen etorkizuna!