Sarrera honetan Mondragon Unibertsitatean (MU), Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean (HUHEZI) nire lankide izan zen Eneritz Garroren tesia hartuko dut oinarri: Jendaurreko debateak euskaraz : diskurtso erreferituaren azterketa : doktorego tesia, 2007, EHU-UPV. Tesi hau egiteko nire irakasle ere izan diren Itziar Idiazabal eta Luis Mari Larringan izan ditu zuzendari gisa.
Tesia argitaratu gabe dago, baina EHU-UPVko gordailuan aurki daiteke, eta Eneritzekin harremanetan jarriz gero, berak gustu handiz utziko dizue. Bere tesia debateen inguruko tesia da, izan ere, berak oso baliagarri ikusten ditu hezkuntza mundurako.
Debateak funtzio asko dituzte, horien arteko garrantzitsuenetarikoa den bat gizarteratze edo sozializazio prozesuan laguntzea da. Klaseko partaide sentitzen du ikasleak bere txanda heldu eta berak uste duena pentsatzen duenean. Irakasleak jakin behar du ikasle bakoitzaren iritzia errespetarazten, iritzi guztiak baitira zilegi, edo behintzat, kontuan hartzeko modukoak.
Errespetu kontuak aipatuta, oso garrantzitsua da debatearen funtzionamendua ulertzea. Alde batetik, ikasleen posizionamendua, gustuen, iritzien arabera edota gai argia balitz, hau da, guztien posizionamendua parekoa balitz, talde ezberdinak egingo lirateke haien berezko iritzia ez dena defendatzen.
Beste alde batetik, behin iritzia zein den erabaki ondoren, iritzi horren argudiaketa prestatu beharra dago, ezin dugu burutik pasatzen zaigun lehenengo gauza bota. Argi izan behar dugu debatearen helburua zein den: beste irittzi bat dutenak konbentzitu, edota zure iritzia arrazoitutako iritzia dela frogatu. Helburu hau ikasleek oso ondo barneratu beharreko kontua da, hau baita debatearen funtsa.
Eta ondoren, egindako ikerketa lanaren ondoren actioa etorriko litzateke, ikasleek erabiliko dituzten nahi haina baliabide erabilita: txartelak, power pointak... Eneritzek, eta beste hainbatek, neu barne, Aristotelesen oratoriaren bost faseak mantendu beharreko metodologia dela pentsatzen dugu:
- Inventio: Ideiak bildu, sortu...
- Dispositio: Lortutako ideiak ordenatu, egituratu, logika erabili erarik egokienean aurkezteko.
- Elocutio: Ideiak ongi irudikatu, hitz egokiak aukeratu, hizkuntzarekin jolas egin eta baliabiderik egokienak erabili (poetika sartuko litzateke Aristotelesen arabera bere baitan dauden tropoak, metaforak, konparazioak... erabilita).
- Memoria: Egindako guztia buruan gordetzeko garaia, norberak egin badu errazagoa izango dena, eta beste batek egindako lana balitz, askoz gehiago kostatuko litzaigukeen fasea litzateke.
- Actio: Klasearen aurrean esateko aldia, ongi esateko aldia, honetan prosodia erabiliko dugu, hau da, gauzak nola esateko artea eta honekin batera lehenago aipatutako hainbat baliabide.
Aristoteles arte balitz moduan ikusten zuen oratoria, eta arte horrek bi bide zeuzkan, berezkoa edo naturala, eta landua edo arautua zena. Ikasleek berezko oratoria izatea oso zaila da, oradore onak bizitzaren eskarmentuarekin batera izaten direlako. Araututako oratoria dute ikasleek beraz. Eta araututakoa den heinean, ikasi beharreko bilakatzen da, eta non hobeto eskolan ez bada.
Debateak beraz, gauza askotarako balio du, eta horietan garrantzitsuena, nire uste apalean, hizkuntzarekin jolasteko da. Hizkuntza gaitasun guztiak (ulermena [entzutezkoa eta idatzizkoa], adierazpena [ahozkoa eta idatzia], hizkuntzari buruzko hausnarketa eta konpetentzia literarioa) garatzeko ekintza oso baliagarria da.
Eta ez hori bakarrik, bere osotasunean, laburbiltzeko, esan daiteke oso jarduera konpletoa dela: errespetuzko baloreak sustatzen ditu (txandak, iritzi guztien barneratzea...), sozializazio prozesuan lagungarria da, hizkuntza gaitasunak lantzen dira...
Hau guzti hau kontuan izanda, debatitu dezagun, egin dezagun eztabaida garbia, azal ditzagun gure ideiak eta elkar konbentzitu dezagun bakoitzaren arrazoiak onak direla. Azken finean, hezkuntzan hizkuntza erabil dezagun!