Datu pertsonalak

sábado, 17 de enero de 2009

Hizkuntza gaitasuna

.
Hizkuntza, idatzizkoa zein ahozkoa, komunikatzeko tresna izateaz gain pertsona garatzeko ezinbesteko elementua da. Hezkuntzaren kontzeptua, hau da, “hezitzea”, eduki batzuk transmititu eta hauekin irizpide propioa sortzeko autonomiaz hornitzea litzateke. Hizkuntzari dagokionez, ikasleari hainbat gaitasunekin hornituko da bizitza errealean murgiltzeko gai izan dadin.

Gizarte eleanitza denez gero, hizkuntzak garrantzi handia hartzen du eta berebiziko garrantzia hori lan munduan du isla. Gaur egun, beharrezkoa da hizkuntza erabiltzen jakitea eta honetaz baliatuz gizarte konpetitibo honetan aurrera ateratzeko.

Euskara derrigorrezko materia den aldetik etapan jarraipena izango du, izan ere, curriculumean garrantzi handia ematen zaio. Edukiak erabilgarritasunarekin dute zerikusia (ikuspegi komunikatiboa) eta hiru eratako edukiak hartzen dira kontutan: kontzeptuzkoak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak.

Ikuspegi komunikatiboa (hizkuntzak ikasteko curriculum integratuaren bidez hizkuntzak elkarlanean ikastea) hartuta, arloaren didaktikaren helburua ikasleen komunikatzeko gaitasuna garatzea izanik (ulermenaren eta ekoizpenaren prozesu bikoitzean), horretarako beharrezko gaitasunen eta edukien oinarria hizkuntzaren erabileraren ikaskuntza izango da. Ondorioz, eduki nagusiak testu-generoak izango dira, horietan gauzatzen baitira edozein eremutako gizarte-erabilerak. Halaber, hizkuntzaren sistema aztertzeko (testuinguru, testu, esaldi eta hitz mailan) erabilera horien hausnarketan oinarritu beharko da. Horrekin guztiarekin batera, irakurketaz gozatzeko gaitasuna garatzea du helburu arloak.

Metodologia aldetik aurretik, eta geroagoko etapetan jorratuko diren edukiak behin eta berriro ikusiko dira hizkuntzaren hainbat aspektu: gramatika, ortografia, testu ulermena… Horregatik proposatuko dira aurretik aipatutako hizkuntzaren atal guztiak indartu, errepasatu eta edukiak gehitzeko ariketak. Beraz, edukiak aurkeztuko dira erlazio jarrai hori esplizituki azaltzen duen egitura batean.

Arlo honen zailtasunik handiena errealitate soziolinguistikoa izango da. Hizkuntzaren normalizazio prozesua martxan dagoen arren, ez da horren isla agertzen oraindik kalean, eta ondorioz, ikasleek ez dute behar besteko motibaziorik hartzen beren ingurunetik. Errealitate soziolinguistikoen hausnarketaren bidez, jarrera aldaketa sustatzen saiatuko da, hizkuntzen aldeko jarrera positiboa garatzeko, eta, bereziki, euskal hizkuntzarekiko estimua garatzeko eta haren normalizazioaren aldeko konpromiso aktiboa bultzatzeko.

Hizkuntza eta Literatura arloko helburu nagusia gaitasun komunikatiboa garatzea denez gero, erabilera eta erabileraren inguruko hausnarketa bultzatuko dira. Hauek konpetentzien bidez garatzea da hartu den erabakia.

Curriculumean agertzen diren konpetentziak, bereziki arlo ezberdinei eragina dietenak dira, baina arloartekotasuna bultzatzea helburua denez, oinarrizko konpetentziak ere kontutan izango dira:
1. Komunikazio linguistikoan konpetentzia.
2. Matematika konpetentzia.
3.Mundu fisikoaren ezaguera eta interakzioan konpetentzia.
4. Informazioaren trataera eta konpetentzia digitala.
5. Giza eta hiritar konpetentzia
6. Kultura eta arte konpetentzia.
7. Ikasten ikasteko konpetentzia.
8. Autonomia eta iniziatiba pertsonala.
Aurretik esan bezala, era batera edo bestera konpetentzia guzti hauek kontutan izango dira arlo honetan (matematikakoa ez gehiegi): ordenagailuak hizkuntzarekin erabiltzeko (lanak ordenagailuz entregatu daitezke), kulturaz jabetzeko hizkuntzaren bitartez (bertsoak, legendak…), hirian hizkuntza erabilita moldatzeko…

Hauez gain arloaren konpetentzia espezifikoak ere badaude, eta hauek era eraginkor batean jorratuko dira, izan ere, Hizkuntza eta Literatura arloaren helburua ikasleak konpetentzia hauek lortzea da:
Gizarteko hainbat alorretako ahozko eta idatzizko edozein testu behar bezala eta kritikoki ulertzea, eta irakurtzeko eta entzuteko gaitasuna efikaziaz erabiltzea helburu pertsonalei, sozialei edo akademikoei erantzuteko. (Ulermenari egiten dio erreferentzia, entzutezkoa eta idatzia).
Gizarteko hainbat alorretako hitzezko testuak eta testu idatziak behar bezala eta koherentziaz sortzea, eta helburu pertsonalei, sozialei eta akademikoei efikaziaz erantzutea. (Adierazpena ahoz eta idatziz).
Hizkuntzari buruzko hausnarketa egitea, sistema gisa ulertuta (testuinguruaren, testuaren, perpausaren eta hitzaren alorrean), hizkuntzaren osagaiak eta arauak ezagutuz eta ezaguera horiek hizkuntza ezagunen artean transferituz. (Hizkuntzari buruzko hausnarketa).
Inguruko errealitate soziolinguistikoa kritikoki interpretatzea; ikasleen hizkuntzen bizitza eta garapena baldintzatzen duten faktoreak ezagutuz, baita horien arteko harremanak ere, euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko konpromiso aktiboa hartuz, eta beste hizkuntzekiko errespetu- eta balioespen-jarrera agertuz. (Hizkuntzari buruzko hausnarketa).
Literatura-hizkuntzaren berezko ezaugarriak ezagutzea, baita euskal kulturaren, inguruko kulturen eta kultura unibertsalaren oinarrizko erreferenteak ere; erreferente horiek jatorrizko testuinguru historikoa eta soziokulturala kontuan harturik aztertuz, iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko gizarte-errealitatea kritikoki interpretatzeko eta norberaren kultura-nortasuna sortzeko. (Konpetentzia literarioa).
Literaturaz gozatzea, erreferentziazko testuak eta norberak aukeratutako testuak irakurriz eta ikus-entzunezko beste arte-eremuetan sartuz (antzerkia, zinema, irratia, telebista…), zertarako eta norberaren esperientziari esanahia emateko, giza egoera hobeto ulertzeko eta sentsibilitate ludiko-estetikoa garatzeko, eta norberaren nortasun pertsonala eta soziala eraikitzeko helburuarekin.

Hezkuntzaren helburu nagusia gaitasunen eta konpetentzien garapena da. Horretarako konpetentzietan oinarritutako sistema bat planteatzen da, UNESCOrako egindako Delors informearen ildotik (1996), non lau zutabe nagusi azaltzen ziren: ezagutzen ikasi, egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi eta izaten ikasi. Euskal hezkuntza sistemak ere bide hori hartu du eta 2007/11/13ko Eusko Jaurlaritzako dekretuaren bitartez eraldaketa orokorra gauzatzen du oinarrizko konpetentzien eta gaitasunen lorpena bultzatuz. Hauek dira bultzatuko diren hezkuntza gaitasun orokorrak:
·Era arduratsu batean autonomoki bizitzen ikasi.
·Ikasten eta pentsatzen ikasi.
·
Hizkuntza ofizialetan komunikatzen ikasi.
·Elkarrekin bizitzen ikasi.
·Pertsona gisa garatzen ikasi.
·Egiten eta ekiten ikasi.
Era praktiko batean bermatuko dira gaitasunok, eta batez ere guri dagokiguna, izan ere, hizkuntza praktikan jarri beharreko arloa da, eta horrekin batera hizkuntza gaitasun guztiak (ulermena [entzutezkoa eta idatzizkoa], adierazpena [ahozkoa eta idatzia], hizkuntzari buruzko hausnarketa eta konpetentzia literarioa) garatzeko aukera izan behar dute.
Hizkuntza gaitasuna ikasleak txiki direnean garatuko dute hoberen, beraz, ikaste-irakaste prozesuko lehenengo urteetan garatu beharreko gaitasuna da. Garrantzia eman behar zaio, eta ez hori bakarrik, arloa bultzatu eta ikasleak motibatu.