Euskal Herriko ume eta gazte askorentzat eskola da euskarara iristeko bide natural bakarra, agian ez direlako giro euskaldun batean bizi edo gurasoek euskaraz ez dakitelako. Horregatik, ikastetxeetan euskarari ematen zaion trataera oso garrantzitsua da ume horrek euskararekiko izango duen jarrera baldintzatzeko garaian. Hala ere, lortu beharrekoa ez da ikasleari ikastetxean euskara inposatzea, euskara barneratzea baizik. Horretan, irakasleek paper berezia jokatzen dute.
Baina ikasgai guztietan bezala, irakaslearen jarreraren arabera ikasgaiak eta ikasgelako giroa ezberdina izango da. Nolakoa izan behar du ba irakasle batek? Alde batetik autoritarioa baino, kooperatiboa izan behar du, gelako parte hartzea bultzatuz. Hala ere, argi eduki behar da ezin duela irakasleak ikaslearen maila berean egon, irakaslea ez da ikasleen “laguna”. Tarteko zerbait lortu behar da, “kolegeoan” erori gabe, baina autoritarioegia izan gabe. Beraz, nola sustatu eta erakutsi euskara ikasleen artean, inposatu gabe?
Era naturalean hitz eginarazi behar zaie ikasleei, baina hizketaldia amaitzerakoan egindako akatsak zuzenduz (hizketaldia gertatzen ari den bitartean ere egin daitezke zuzenketak, baina era honetan ikaslea lotsatu dezakegu eta hemendik aurrerako hizketaldia motelagoa izan). Zuzenketa hauek beti modu positiboan egin behar dira, ikaslearen autoestimari kalterik egin gabe. Irakasteko modu on bat akatsak antzemanarazi eta ikasleak berak gaizki egindakoa zuzen dezan lortzea izango litzateke eta aldi berean beste ikasleentzat ere baliagarriak diren kontzeptuak azaltzeko aprobetxatu daitezke egindako akatsak. Arbelean akats horri buruzko arau garrantzitsuenak idatziz eta beharrezkoa den kasuetan, sistematikoegiak badira ere, gramatika fitxak eginez, eta azkeneko errekurtso moduan gramatiketara joaz.
Ikasleak hizkuntza barneratu behar du bai, baina horretarako oso garrantzitsua da hizkuntza hori erabilgarria dela somatzea, nabaritzea. Agian eremu euskaldun batean erraza izan daiteke hori lortzea, baina eremu erdaldun batean zailagoa izango da. Horretarako, munduan dauden hizkuntza baliabideak erabiliko ditugu, hizkuntzaren erabilgarritasunaz ohartzeko: telebista, internet, irratia, aldizkariak...
Gure hizkuntzaren egoeraz kontzientzia hartzeko edozer baliabide da beharrezkoa, eta helburua (euskara sustatzea) lortzeko ahalik eta esfortx¡zurik handiena egin beharrean dago irakaslea. Hezkuntzan dago eta euskararen etorkizuna!