.
Lehenik eta behin esan beharra daukat, ez dudala ezer argitaletxe ezberdinen aurka. Nik, hurrengo lerroetan, nire iritzi propioa azalduko dut , eta horretarako ez naiz nire ikasle esperientziaz eta lan munduko esperientziaz baino hornituko. Hori dela eta, ez nuke nahi pentsatzea, azalduko dudana, edo azalduko diren adibideak gertaera orokorrak direnik, bai ordea adierazgarriak eta kontuan hartzeko modukoak.
Alde batetik zehaztu beharko genuke zer liburu motaz ari garen. Hezkuntza liburuez ari gara, beraz, bi kategoriakoak aurkituko ditugu: ikasmateriala eta testu liburuak. Lehenengoa klasean erabiltzen den testu liburua izango da, edukiak bertan azaltzen dira eta jarduerak ere bertan egin daitezke, akaso koaderno liburu bat ere izan dezakete osagarri gisa. Bigarrena aldiz, argitaletxeek ateratako irakurtzeko liburuak dira; nobelak, komikiak, aldizkariak...
- Ikasmateriala.
Hezkuntza ereduaren araberako hizkuntza izango du liburuak: ingelesa, gaztelania edo euskara. Guk D ereduko ikasleez arituko gara, beraz, euskarazko liburuez hitz egingo dugu hemendik aurrera.
Edozein ikasgaiko liburuek era egoki batean idatzita egon beharko lukete, eta are gehiago Euskara eta Literatura ikasgaiko liburuak, beraz, hori da irakaslearen lehenengo lana, hizkuntzaren egokitasunaz jabetzea. Honek esan nahi du hizkuntza zuzena, egokia eta maila aldetik ere dagokion hezkuntza mailara egokitzea.
Ondoren etorriko da liburuaren edukien egokitasuna aztertzea, jardueren zailtasuna, kontzeptu errazegiak edo zailegiak diren... azken finean, guk nahi dugun kurtsorako egokiak diren ziurtatzea.
Honez gain, liburuaren (eta lan koadernoaren, egongo balitz) erabilgarritasuna aztertu beharko litzateke. Irakasle batzuek egiten dute liburu bat jarraitu eta atal batzuetan euren material osagarria eman: eskemak, ariketa gehigarriak, informazio gehiago... Baina hori hein txiki batean egin beharreko lana litzateke, ez liburua ordezkatzen duen lana egin behar izatea.
Liburua dinamikoa izan behar du, jarrera parte hartzailea sustatzen duena, talde-lana bultzatzen duena, jarduera praktikoak ere eskatzen dituena... eta are garrantzitsuagoa, guk nahi dugun hezkuntza sistema jarraitzen duen egiaztatu behar dugu. hau da, proiektu bidezko hezkuntza nahi badugu gure ikasleentzat, horrelako liburua beharko dugu, eta nik dakidala Txanela eta Ostadar dira hezkuntza mota hori sustatzen duten argitaletxe bakarrak.
Hau guzti honetaz gain, ikaslearen ikuspuntutik begiratu behar dugu ere. Honen arabera, liburuak izan behar du motibagarria, era argi batean azalduta, irudiekin lagunduta, formato itxuroso batean, ondo ordenatuta, motroilo batean ezin du azalduta egon... azken finean, ikasteko grina pizten duena.
- Irakurketarako liburuak.
Irakurtzeko liburuak gomendatzeko lehenengo pausua irakurtzeko bidali behar den liburua irakasleak aurretik irakurrita izan behar du. Eta honen ondoren, irakaslearen gustukoa baldin bada, orduan, eta bakarrik orduan ikasleei esango zaie liburu hori irakurtzeko.
1980. urtean Erein argitaletxeak Zer irakurri? liburua argitaratu zuenean, ez zuen liburu fitxa batzuen bilduma baino ez zen, gehi irakurzaletasunari buruz egiten zuen hausnarketa. Zer irakurri: hura ikasi liburuetan aldiz, bai azaltzen da liburuen garrantzia eta egokitasunaren beharra.
Are hobeto dago azalduta Mari Jose Olaziregik, Juan Kruz Igerabidek eta Antton Irusta Zamalloak egindako Zer egin dezake nire ikasle batek liburu batekin? liburuan. Liburu honetan bertan azaltzen dira irakurri den liburu horrekin egin daitezken jarduera mota ezberdinak.
Hauen arabera, liburua ikaslearen adinerako egokia izan behar du, eta guztia ez bada ere, liburuaren muina ulertzeko modukoa, hau da, irakurterraza. Honetaz gain, erakargarria izan behar du irakurzaletasuna bultzatzeko eta adin jakin batzuetan irudiz hornituta egotea ere behar-beharrezkoa dela diote.
Ikasmaterial izan, edo irakurtzeko liburua izan, argi dagoena da irakaslearen gustukoa izan behar duela, honela, irakaslearen motibazioak ikasleena bultzatuko du, ikasi eta irakurtzeko garaian, bederen.