Datu pertsonalak

sábado, 17 de enero de 2009

Euskalkiak hezkuntzan

.

Araban bagare, Gipuzkun bagera, Xiberun bagire eta Bizkaian bagara… Honela dio abestiak eta hala da, herri edo zonalde bakoitzak bere aldaera du euskaraz aritzeko. Historian zehar asko aztertu dira euskararen dialektoak, eta hainbat sailkapen egin dira, XVIII. mende hasieran Larramendik egin zuen sailkapenetik hasiz, Luis Luziano Bonapartek egindakoaz pasa eta gaur egun indarrean dagoen eta 1997an Koldo Zuazok proposatu zuen sailkapeneraino. Azken sailkapen honetan 6 euskalki bereizten dira, Euskal Herriko zonaldeen arabera banatuak:

  • Mendebaleko euskara edo bizkaiera: hiztun gehien daukan euskalkia da. Ibaizabal ibaitik Deba ibaira zabaltzen den zonaldean hitz egiten da.

  • Erdialdeko euskara edo gipuzkera: Gipuzkoan eta Nafarroa ipar-mendebaldean.

  • Nafar-lapurtera: Lapurdin eta Nafarroa Beherean mintzatzen dena.

  • Nafarrera : Nafarroa iparraldeko eskualdeetan egiten dena.

  • Ekialdeko nafarrera: Nafarroako ekialdean hitz egiten da. Zaraitzuera eta Aezkoako euskara sartzen dira multzo honetan eta biak egoera larrian daude, adineko pertsona gutxi batzuk besterik hitz egiten ez dutelako. Erronkariko euskara galdua ere multzo honetan sartzen da.

  • Zuberera: Zuberoako herrialdean eta administrazioz Biarnokoa den Eskualdean egiten da. Amikuzetik gertuko herrietan egiten dena tarteko hizkeratzat hartzen da.



1968an, aldiz, euskararen beherakada ikusita, indartu nahi bazen euskara arautu egin behar zela ikusi zen. Horregatik, euskara batua sortu zen eta gaur egun hori da administrazioan, komunikabideetan edo hezkuntzan erabiltzen den euskara. Honen helburua euskaldun guztiek ulertu ahal izango zuten hizkuntza komuna ezartzea zen.



Hizkuntza komun hori ere hezkuntzan ezarri da eta ez hori bakarrik, leku askotan euskalkiaren gainetik erabiltzen da. Hau da, gailendu egin da eta Euskal herriko eskoletan nagusitu. Euskararen onerako izan zen bere garaian, baina gaur egun debatea sortu da: euskara batua Vs. euskalkia. Batzuk irakatsi Euskal Herri osoan erabiliko duten hizkuntzan, eta beste batzuk herrian mamitu eta garatu ahal izango duten euskalkian.



Onartu beharra dago euskara batua asmakizun oso garrantzitsua izan dela, euskara salbatu egin zuena, baina agian gaur egun euskalkiek ere badute beren tokia.
Izan ere, iritzi ezberdinak daude, eta denak ez dira euskara batuaren aldekoak, honek herri bakoitzaren ezaugarri diren euskalkiak galtzera eraman baititzake.



Nik tarteko iritzi bat dut. Ez dago zertan euskalkiak baztertu, nahiz eta garrantzitsuena euskaldun guztien artean elkar ulertzea ahalbidetzen digun euskara batua izango litzatekeen. Euskalkiek, beste maila apalago batean beren lekua dute (herri aldizkariak, udaletxeko kontuak, irrati lokalak, kalean...). Baina bat egingo digun hizkuntza behar dugu ikasi, euskara batua, guztion hizkuntza.



Baina honen guzti honen gainetik, abestiak dion bezala, "... guztiok gara euskaldun... nahiz eta hitz ezberdinez, bat bera dugu hizkera... Araban bagare, Gipuzkun bagera, Xiberun bagire eta Bizkaian bagara ..."