.
Nik EGA atera nuen duela urte dexente, ni institutuan nintzela, eta hala ere, ikasten jarraitu nuen, kasu honetan ingelesa. Gaur egun ez dut titulua atera baina bosgarren mailara iritsi nintzen, maila polita eskuratuz, baina ama eta aita ari zaizkit behin eta berriro esaten azken kurtso hori ere atera beharko nukeela, etorkizunean lan arazoak baleude egun hauetan eredu hirueleanitza ezartzen ari dela esan zidaten eta hor behar-beharrezkoa zela ingelesa. Egia ote al da?
Dagoeneko lan eskaintza bat izan dut Azpeitiako Ikasberri ikastetxetik eta bertan, Gizarte ikasgaia eman beharra nuen ingelesez! Azpeitian... eta ingelesez... ezezkoa eman nuen eta leku hurbilago batean lana topatu nuen, nire gustuko ikasgaiak ematen eta nire gustuko hizkuntzan gainera. Baina orduan jakin nuen gurasoek kontatutakoa egiazkoa zela eta eredu hirueleanitza gero eta gehiago zabaltzen ari dela.
Normalean, eredu honetan Matematikako eta Gizarteko klaseak ematen dira ingelesez. Alperrik izango litzateke Euskara eta Gaztelanian bezalako ikasgaiak ingelesez ematea, eredu honen helburua ez baita beste hizkuntzak deuseztatzea edo besteak gutxiago ikastea. Osagarri moduan ikusten da ingelesa, gaur eguneko gizartean pisu handia duen hizkuntza, hain zuzen ere.
Nire uste apalean, hizkuntzak ikastea ez da kalterako izaten, gainera ingelesa bezalako hizkuntza erabilgarria (ez dut esan nahi frantsesa baino hobea denik, baina bai erabiliagoa dela munduan zehar) hainbat egoeratan lagungarri izan daiteke. Baina hezkuntza munduan onartu beharra dago batzuetan traba ere egin dezakeela.
Adibidez, eredua ez bada hasieratik, hau da, txiki-txikitatik hasten, ikasleak nagusiagoak direnean ez dute ikasteko erraztasun hori eta on baino, kalte gehiago egingo die; aurretik ikasitako kontzeptuak berriro ikasi beharra dute, eta zenbaitetan kontzeptu horiek nahastu eta aldrebestu daitezke.
Gainera, txikitatik (lau urterekin hasten ziren Itxaropena Ikastolan) hasita ere, badaude ikasle batzuk zailtasun handiagoak dituztela beste batzuk baino, eta horiek nahiko lan daukate ikasgaiak gainditzen hezkuntza elebitasunarekin, zer demontre ikasiko dute ordun hezkuntza hirueleanitzarekin? Ez al da karga gehiegi horrelako ikasleentzat?
Uste dut bazterrak nahastea dela ikasgaiak ohikoa ez den hizkuntza batean ematea. Hizkuntza hori indartu nahi baldin bada, karga lektiboa handitu beharko litzateke, nahiko lan dute ikasleek berea duten hizkuntza batean klaseak jarraitzeko, are zailagoa hizkuntza arrotz batean ikasteko.
Hori bai, beharrezkoa balitz titulua ateratzea eredu eleanitz batean klaseak eman ahal izateko, izan seguru aterako dudala eta klaseak emango ditudala eredu hirueleanitz bateko ikastetxean, baina orduan ere hezkuntza eredu honen kritiko izango naiz.