.
XX. mendean Espainiar estatuko etorkin ugari etorri bazen Euskal Herrira (gaur egun egon badago baina ez da adierazgarria, nik Barakaldoko klase guztietatik espainolak diren bi etorkin baino ez ditut, Malaga eta Extremaduratik, hain zuzen ere), XXI. mendean estatuaz kanpoko inmigrazioa ematen ari da. Horrela, 2007ko datuen arabera, 100 000 etorkin inguru bizi dira Euskal Herrian, %50a latinoamerikarrak dira (ekuatortarrak, kolonbiarrak eta peruarrak batez ere) , %30 Europatik etorritakoak (errumaniarrak gehienak), %15a Afrikatik eta %5a Asiatik (Txinatik etorriak gehienbat). Etorkin hauek Autonomia Erkidego osoan banatzen dira, baina bereziki hirietan eta lan eskaintza handiagoa den lekuetan biltzen dira.
Esan beharra dago azken urte hauetan etorkinen seme-alaben eskolaratzea nabarmen igo dela eta gaur egun eskolaratutako umeen %4,6a etorkinen seme-alabak dira. (estatistikak Eustat zerbitzutik hartu dira)
Ume hauek euskarara iristeko bide bakarra eskola izango da kasu gehienetan, beraz, garrantzia handia izango du eskolak. Hala ere, etorkin gehienek beraien haurrak A ereduan matrikulatzen dituzte. Baina zergatik?
Alde batetik, Euskal Herrian bizitzeko erdara ikastea beharrezkoa da, baina eguneroko bizitzarako euskara derrigorrezko ikusten ez denez, gurasoek ez dute lehentasun bezala hartzen, are gehiago, 2 hizkuntza ikasi behar izatea umearen integraziorako traba moduan ikusten dute. Gainera, etorkin asko beraien herrialdetara itzultzeko esperantzaz etorri dira Euskal Herrira, beraz, zerbait “probisional” bezala ikusten dute askotan beraien bizimodua hemen.
Bestalde, hezkuntza sistemaren aldetik ere kasu askotan errazagoa izaten da etorkinak A eredura bideratzea B edo D ereduan integratzeko beharrezkoa den laguntza eta baliabideak eskaintzea baino.
Egoera hau izanik, etorkinen seme-alabak euskarazko hezkuntzan sartzeko ahalegina egin behar da, hori izango baitute euskara ikasteko bide bakarra. Besteak beste hauek dira ume etorkinek euskara ikasi behar izateko arrazoiak:
· Lan-merkatuan lehiatzeko.
· Euskal kultura barneratu eta bertakoa sentitzen laguntzeko.
· Eleaniztasunak haurraren garapenean dituen eragin positiboengatik.
· Integraziorako tresna baliagarria izan daitekeelako.
· Ghettoak sortzea ekiditeko.
· A, B eta D ereduetan etorkinen banaketa orekatuago batekin integrazioa errazteko.
· ...
Baina etorkinen seme-alabak B edo D ereduan matrikulatzea ez da nahikoa; euskara ikasiko dutela ziurtatuko duen hezkuntza eredua bideratu behar da. Beraz, ardura ez da ikasle etorkina zein eredutan matrikulatuko duen erabakiko duen gurasoena soilik: guraso hauen sentsibilizazioa bai lortu behar dela, baina baita beste ikasle ez-etorkinen sentsibilizazioa ere, eta batez ere hezkuntza sisteman egin beharreko aldaketak lortu behar dira, etorkinek euskaraz ikasteko baliabide eta laguntzak eskaini. Hori guztia etorkinen integrazioaren alde.
Informazio gehiago hemen.